XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.- UNITATEAREN HELBURUA Artezteko makinen oinarrizko funtzionamendua eta bertan buru daitezkeen eragiketak ezagutzea.

Harri urragarria zer den ezagutzea.

Artezketako ebaketa-abiadura, aitzinapena eta iraganaldi-sakonera ezagutzea.

2.- IDEIA OROKORRAK Artezteko makinak burutzen duen lanari artezketa deritzogu.

Artezteko makina, akabera-lanetan erabiltzen den makina erreminta da.

Artezketa, harri urratzaile batez txirbil txikiak harrotuz egiten den mekanizazioa izanik, aldez aurretik beste makina erreminta batean landu diren piezak azken neurrietara hurbiltzean datza.

Horrela, txirbil-harroketazko makina erreminten bidez lortu ezin diren kalitatezko gainazal-akaberak lortzen dira.

Artezketan erabil daitezkeen eragiketa eta material-motak asko izan daitezkeela kontuan izanik, eta ugaritasun honek harri urratzaile eta artezteko makina ezberdinak eskatzen dituenez, harri urratzaileak aztertuko ditugu lehenbizi eta artezteko makina-mota desberdinak gero.

3.- HARRI URRATZAILEAK Harri urratzaileak, aglomeragarri bidez loturik dauden ale urragarri txiki eta gogorrez osaturik daude (3.1. irudia).

Harri urragarrien ebaketa-lanean, ale urragarri bakoitzak fresa-hortz txiki bat balitz bezala lan egiten du milimetroaren milaren batzuetako lodiera harrotuz.

Lan hau, harria abiadura handiz biratuz sortzen da, piezak bi higidura-mota jasaten dituen bitartean.